XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

EUZKADI`KO GIROA UROLDEAK EUSKALERRIAN

Tamalaren tamalez gogoangarria izango da aurtengo dagonilla, batez ere 25`eta 27`ra bitartekoa.

Kalte galantak egin dituzten uroldeak izan dira, baiña aurtengo au baiño izugarriagorik eta kaltegarriagorik ez da izan.

Sekulakoa izan da ta ez dago beste itzik.

Naparroa`ko zenbait erritan eta Santander`ko beste bazter batzuetan ere kalte aundirik egin dute uroldeek.

Baiña Gipuzkoa`ri dagokionez, Lasarte, Andoain, Tolosa, Alegi, Ormaiztegi, Azkoiti-Azpeiti ta Elgoibar errietan askoz kalte aundiagoak egin ditu urak.

Bai, ezin ukatu.

Araba`ko Laudio`n, ordea, aundiagoak.

Eta beste iñon baiño beldurgarriago izan da uroldea Bizkaia`n: Gernika, Bermeo ta... Bilbao ta inguruetan aundiena.

Itzik ere ez dago bear bezala adierazteko.

Kalteak nekazaritzan, kalteak denda ta etxe-bizitzetan, kalteak lantegietan, kalteak elizetan, kalteak alde guztietan.

Orain baiño leenago gaizki baldin ba`zeuden nekazaritza, salerosketa ta lantegiak, a zer-nolako jipoia artu duten uroldearen erasoz! Leen eziñean zebillen Euskalerriari ederki kosta bear zaio burua jasotzea.

Milloi-mordo aundiak, dirutza izugarriak bear izango ditu Euskalerriak burua jasotzeko.

Eta ez pentsa, gero, orrenbeste dagoanik bertan.

Galerarik mingarrienak, ordea, uretan bizia galdu dutenenak.

Txantxetan ere 32 lagun badira urak dirala-bide illak.

Goian bitez gizagajoak!.

Egia esan, itz ederrik asko esan dutenak agertu dira alde guztietatik.

Eta eskertzekoa da neurri egokian, baita itzezko ardura bera ere.

Bereala agertu ziran Bilbao`ra bai Erregea ta bai Gonzalez presidentea; galerak bertatik bertara ikusita, bearreko laguntzak eskeintzea ere egin zuten, Geroago, Fraga Iribarne ere etorri zan Euskalerrira: baita Garaikoetxea`gana joan ere izketara.

Dirutan nola neurtu galerak? Zenbaki aundiak esan dituzte ta dirutza galantak izendatu: 500.000.000.000 edo bosteun milla milloi pezta esateraiño.

Aurreko batean Garaikoetxea Lendakariak Euskalerriko Legegintza-Biltzarrean esan duanez, ordea, ez da ainbeste.

Gutxi gora-beera 159.000.000.000 pezta edo eun da berrogei ta emeretzi milla milloi alegia.

Eta bada zerbait, alajaiña!.

Eta ala ere Euskalerria ez da etsipenean lurjota gelditu, Bereala asi da jo ta ke lanean.

Zaborrak eta loiak kentzen, lenengo; eta ez da lan txikia.